Pabilioi zailean jokatzea tokatzen zaio Somos Eibarri 18. jardunaldiko norgehiagokan. Maristas izango da armaginen arerio larunbatean arratsaldeko 7:45etan. 17 punturekin zazpigarren dira zaragozarrak, azkeneko bi neurketak irabazi ditu Tolosa eta Beti-Onak taldeen aurka eta oso momentu onean heltzen dira lehiara. Baina eibartarrak ere bolada ezinhobean murgildurik dira, jokoan ziren azkeneko zortzi puntuetatik 6 lortu eta gero. Partida gogorra eta parekatua espero da, nahiz eta erraz lortu zituzten aragoiarrak bi puntuak Ipuruan, eibartarrak egoera ez errepikatzea izango dute helburutzat.
Hamaikagarren dira Fernandoren mutilak eta momentu oso onean heltzen dira lehenxeago komentatu dugunez. Baina ez da lan erreza izango armaginen entrenatzaileak onartzen duen bezala: “Azkar jokatzen duen taldea da aragoiarra, oso dinamikoa. Jokalari onez osatzen da”. Stadium Casablancak mailan jokatzeari uko egitean, Maristasek hori aprobetxatu eta jokalaririk onenak bereganatu zituen. Ligako laugarren goleatzailerik onenak dira, Jorge Ortega eta Pol Rodoreda nagusi direlarik. Eibartarren partetik, Xabier Azconizaga eta Eneko Garetxana lesionaturik eta Jon Uriarte lana dela eta ez dira Zaragozan pistaratuko. Lehia gogorra eta zaila izango da baina puntuatzera irtengo dira kantxara Somos Eibarko jokalariak.
13.jardunaldian dira gure talde seniorrak eta etxetik at jokatuko dute larunbatean. Grupo Mecalbek, Ereintza Beissierren aurka jokatuko duen bitartean arratsaldeko 5:30etan, Errenteriako udal kiroldegian, gizonezkoek Labegaraieta kiroldegia bisitatuko dute arratsaldeko 8etan, Soraluce Bergararen kontra aritzeko. Kadete mailan, bai Mecalbek eta baita Teknikerrek ere txapelketa berri bati hasiera emango diote, Euskadiko Txapelketari hain zuzen ere. Ipuruan jolastuko dute biek, neskak igandean 11:45etan, Sareteknika Kukullaga Etxebarriren aurka eta mutilak larunbatean 18:30etan Urkunde Elgoibar taldean kontra; Muelles Zalduak, Urola Urzum bisitatuko du larunbatean arratsaldeko 4:15etan, Zumarragako Ispilla kiroldegian izango den norgehiagokan; Komatek, Donibane jasoko du igandean goizeko 10:15etan Ipuruan.
Infantil mailari dagokionez, talde guztiak etxetik kanpo arituko dira Ametsa ezik. Neskek, Bergara jasoko dute larunbatean goizeko 10:30etan, Aldundiko txapelketaren bigarren jardunaldian; Urkotronik eta Mecalbek, Aialako lehen eta bigarren taldearen aurka arituko dira hurrenez hurren larunbatean Zarautzko udal kiroldegian. Lehena 11:15etan eta bigarrena 12:30etan; Andoaineraino joango da Hierros Servando, Leizaran Urdinaren aurka aritzeko, larunbatean goizeko 10:30etan Allurraldeko kiroldegian; azkenik, Bengoa Elektrizitateko mutilak Irungo Uranzu frontoian jokatuko dute larunbatean 1etan Teknika Autoescuelas Bidasoaren kontra.
You must be logged in to post a comment.