Lan guzti horren emaitza moduan, lehen denboraldiaren bukaeran neska eta mutilez osaturiko hamabost talde osatu ziren (4 alebin, 4 infantil, 4 kadete, 2 jubenil eta senior bat). Bost urtetarako plan estrategiko bat egin zen eta ekonomia kudeatzeko irizpide estu, zehatz eta garbiak ezarri ziren.
Hainbait babesleren laguntza jaso genuen, Tekniker eta Somos Asesoresenak garrantzitsuak izan zirelarik. Baina ez dugu ahaztu behar gure karteletan, kiroldegiko propagandetan eta talde txikietan babesle gisa aritu zirenak, are gutxiago, txosnan eta beste ekintzetan parte hartu zuten pertsonen laguntza.
Hasierako denboraldietan erronka askori aurre egin behar izan genion, besteak beste, neska eta mutil taldeen egitura osatzen joatea, entrenatzaileen prestaketa, estatutuak onartzea, bazkide eta babesle bilaketa, materiala erostea, eta abar.
Bestalde, 2014an Eibarko Haritza, herrian zen beste eskubaloi klub txiki bat, Eibar Eskubaloiko egituran txertatu zen, horrela gure hasierako asmoak bete zirelarik, hau da, Eibarren eskubaloi klub bakarra egotea.