Hierros Servando Eibar taldearen denboraldiko zortzigarren garaipena Ereintza Aguaplasten aurka Ipuruan(29-24). Argi geratu zen larunbatean, pasa den asteburuko sastada ez zela entrenamendu falta besterik izan. Urtea lehenengo postuetan bukatuko dute eibartarrek 17 punturekin, zortzi garaitze, bi porrot eta berdinketa bakarrarekin. “Garaipen garrantzitsua lortu genuen Ereintzaren kontra, gabonetako geldialdia gehio eta lasaiago gozatzeko aukera ematen diguna”, zioen Fernando entrenatzaileak, denen poza adieraziz.
Ez zuten armaginek hasiera ona egin. Hiru azpitik ziren lehen ordu laurdena pasata, hala eta guztiz defentsa on bati esker, kontraeraso medio, markagailua erailtzea lortu zuten atsedenaldirako.Lehia estua izan zen 40 minututan zehar, baina bi puntuak lotu zituzten armaginek minutu oso on batzuei esker, nahiz eta oztopo batzuk aurkitu bidean: “Oso parekatua suertatu zen partida bigarren zatiko hamargarren minuturarte, hortik aurrera eta nahiz eta pare bat esklusio sufritu, aldea handitzea lortu genuen amaierararte”. Nota onarekin gainditu zuten urteko azken erronka eibartarrek.
300golen langa gainditu dute eibartarrek lehendabiziko 11 partidetan, inoiz lorturiko markarik handiena. Lander Casado izan zen norgehiagokako goleatzaile nagusiena zazpi golekin. Ander de Diego seirekin eta Axier Gisasola bostekin ederki lagundu zuten eibartarren erasoa. Ander de Diego eta Lander Casadok erasoan egin zuten lana goraipatzea nahiko nuke, Ereintzaren defentsa libratu bai zuten momenturik garrantzitsuenean. Atepean berriz, Ander Ballesteros nabarmendu zen merituz beteriko geldituak eginez. Atzealdean une batzuetan sendotasuna falta izan genuen arren, arerioak ez zuen erasotasunez jokatu. Ander Ballesterosen lan zoragarria atepean. Eibartar guztien buruan geratuko da Hierros Servando Eibar taldeak egin dituen azken hilabeteak. Orain geldialdiaz gozatzera, pilak kargatu eta ea nola bukatzen diren Covidaren ondorioz atzeratutako neurketak. Izugarria egindako lana. Zorionak guztioi.
Hierros Servando Eibarrek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen larunbatean
Elgoibarren (19-28). Bi partida irabazi gabe egon eta gero, armaginak garaitzaren bidezidorrera
itzuli ziren. Neurketa nahiko gorabeheratsua suertatu zen hasiera batean, baina eibartarrek
aldea pixkanaka handitzea lortu zuten bi puntuak zailtasun handirik gabe poltsikoratuz. Hori
bai, printzipioz ematen zuena baino gehiago borrokatu behar izan zuten Fernandorenek,
helburuzko arrakasta eskuratzeko. “Orokorrean neurketa serioa jokatu dugu, 6:0eko
defentsarekin, nahiz eta erasoan oraindik arintasun pixka bat falta den”, zioen kontent
entrenatzaileak.
Ideia garbiekin pistaratu ziren gureak, joko erakargarria eginez, defentsa sendo eta
pitzadura gabekoa erakutsiz. Hegaleko jokalariek erraz zulatzen zuten arerioaren babesa.
Desabantaila hori sentitu harren, zurigorriak ez ziran kikildu, atsedenaldia baino lehenago
suspertuz. Etxekoen aldeko 7-3ko partzialak amaieraldean gauzak estu uzten zituen
bigarrenerako. Diferentzia hori handitzen saiatzera irten ziren eibartarrak; kostata baina
norgehiagokaren azken herenean lortu zuten xedea. “Nahiko berdinduta egon da lehen zatia,
baina kontraerasoan golak sartzeko aukera asko izan ditugu bigarren zatian egindako
defentsa gogorrari esker. Horrek garaipenaren ateak zabaldu digu”. Azken bederatzi
minutuetan ez zuten gol bakarra egin elgoibartarrek, horrek garaipena eskura eman zien
armaginei, atepean eta defentsan eginiko lan bikainari esker ere noski.
Ezin izan zen pistaratu Mikel Zuloaga, azken unean baja garrantzitsua bilakatuz, baina
Lander Casado ederki konpondu zen, Mikelen erasoko aginte makila jasoz eta aurrealdean hau
ordezkatzen. 10 gol egin zituen guztira, taldearen herena baino gehiago. 98 gol batzen dituzte
bien artean. Ez zen eibartarren baja bakarra izan: Xabi Azkonizagak eta Jon Barruetabeñak ere
ez ezin izan zuten Elgoibarren egon. Baina Fernandok ederki jakin zuen nola bete hutsune
horrek. Azken orduko Azkonizagan, Barruetabeñan eta Zuloagan bajek, Markel
Valencianoren debuta faboratu zuen. Jokin Aja eta Andoni Yarza jubenilek ere minutu batzuk
jolasteko aukera izan zituzten.Lan bikaina egin zuten gazteek. Lehen postuan jarraitzen du
Hierros Servando Eibar taldeak 15 punturekin, garai hauetan, pasa den denboraldian 6 puntu
besterik ez zuten Fernandoren mutilek, aldea nabarmena da ezbairik gabe. Sailkapenean
atzetik datorren Anaitasuna izango da Ipuruan hurrengo asteburuan. Lau neurketa jolastu
dituzte orain arte, denak irabazi. Baina hori egun batzuk barru…
Olatu aparretan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak. Porrot bakarra jasan dute zortzi partidetan eta ratxak ez du etenik. Oraingoan, Estudio Matmata Zaragoza Ademarrek ezin izan zuen eibartarren neurketa hastapen ona zapuztu larunbatean Ipuruan (33-27). Txapelketaren laurden bat pasata lehenak jarraitzen dute armaginek, jokatu dituzten 16 puntutatik, 13 eskuratuz.
Hasiera zoragarria eman zioten etxekoek partidari, lehen segundutik aurretik jarri ziren markagailuan. Hortik aurrera nagusi izan ziren armaginak, nahiz eta aldea agian, pistan ikusi zena baino handiagoa dela aitortu dezakegu: “Emaitza nahiko engainagarria izan daiteke, lehia nola joan zen ikusita; Zaragoza Ademarrek oso joko ona erakutsi zuen”, zioen Fernando entrenatzaileak onartuz. Aldea handitzen joan zen gutxika gutxika lehenengo minutuetan, hala eta guztiz zaragozarrak suspertu eta hurbiltzea lortu zuten joko praktiko batekin. Ematen zuen defentsak oraindik pistaratu gabe zeudela, erasoko jokoa gailendu bai zen garbi lehen zatian.
Bigarrenean aldiz, atzean sendoago eta aurrean lehen zatian bezain zorrotz kantxaratu ziren eibartarrak. Atepean ere lan bikaina egin zuen Ander Ballesterosek gelditu klabeak eginez, garaipena taldeari errazago utziz. Aurrean berriz, Lander Casado bilakatu zen norgehiagokako goleatzaile nagusia zortzi golekin. Ate aurrean eraginkorrak azaldu ziren armaginak beste astebetez eta horrek bi puntuak lortzeko aukera areagotzen du. “Ipuruako aurreko partidetan baino eraso arinagoa erakutsi zuen Eibar Eskubaloiak, baita gogotsuago eta sutsuago defentsan; horretaz gain, Ander Ballesterosen geldituek kontraeraso gehiago sortzeko aukera eman digu”.
Lidertzan jarraitzen dute Fernandorenak 13 punturekin lorpen bikain honen ostean. “Goian jarraitzeko garaipen oso garrantzitsua, kalitate askoko arerio baten kontra”. Hori bai, bigarren den Anaitasunak lau partidu gutxiago jolastu ditu eta denak irabazi gainera. Naparrez gain bete bi taldek ere zortzi puntu dituzte. Datorren asteburuan bidai motza, Elgoibartik bi puntuak ekartzea izango dute helburutzat Hierros Servando Eibarko mutilek.
Garaipenaren bidezidorrera itzuli da Hierros Servando Eibar taldea Dominicos Zaragozari irabazi eta gero (25-33). Bi neurketa irabazi gabe zeramatzaten eibartarrek, egoerari buelta emateko unea zen. Ederki aprobetxatu zuten Fernandorenak aukera hori : “Ezin dugu liga honetan lehiatu azken bi partidetan egin genituen huts kopuruekin, ezta erasoan erakutsi genuen efizientzia faltarekin. Larunbatean dezenki hobetu genuen esparru bakoitzean”. Kontent zen entrenatzaile madrildarra. Baita jokalariak ere, neurketa borobila burutu bai zuten, nahiz eta markagailuan aldentzea kostatu zitzaien arren.
Esan bezala, lehen zati parekatua bizi izan genuen Zaragozan, dinamikoa eta gol askorekin, erasoak defentsei gailendutakoa. Markagailua hamalauna zen atsedenaldian, kantxa barruan bizi zen berdinketaren adierazgarri argia. Baina bigarren partea bestelakoa suertatu zen. Etxekoak ez ziren gai izan dinamika horri jarraipena ematen, armaginak aldiz eraginkortasuna handiagotu eta aldea handitzea lortu zuten eraso zorrotz bati esker. “Lehen lerroaren gol ekarpenari esker lortu genuen markagailuan aldea sortzea, Azkonizagaren 8 golak horren adibide”. Bestalde, arerioaren efizientzia baxua ere talde eibartarrari atxiki behar zaio. “Eta guzti horri, atzealdean sutsu, langile eta bat eginda egon zela taldea gehitzen badiogu, eta gainera atepean ere zenbaki onak izan genituela, erraz uler dezakegu garaipenaren zergatia”. Fernandok ederki laburbildu zuen horrela bere mutilen bigarren zati bikaina. Lehenago aipatu dugu Xabier Azkonkizagaren erasoko lan zoragarria, horri norgehiagokako goleatzaile nagusia gehitu behar zaio, Mikel Zuloaga 12 golen egile, denen gainetik nabarmendu zen ate aurrean beste astebetez.
Lidertzan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak, hori bai atzetik datozenen baino partida gehiago jokatuta. Ala eta guztiz, eibartarrek beraien lana ederki egiten ari dira, zazpi neurketatik bost garaipen poltsikoratuta. Segika dauden arerioetako bat, Ipuruan izango da datorren larunbatean, Estudio Matmata Zaragoza Ademar hain zuzen ere. Beste arerio Aragoitar bat hasiera onari jarraipena emateko.
Laugarren garaipena jarraian Hierros Servando Eibar taldearentzat. Urban Cabero Barakaldok aurpegia eman zuen norgehiagoka gehienean, baina gol faltak eta eibartarren ekinak, bi puntuak etxean utzi zituzten (20-14). Jardunaldi arraroa izan zen, bi neurketa besterik ez bai ziren jokatu asteburuan; Ipuruakoaz gain, Ereintza Aguaplast-EasyGas Urduliz partida ere jolastu zen; gainera ez daki inork liga jarraitzerik izango den alarma-egoera honetan.
Dena dela, armaginek ez zuten hutsik egin, etxeko lanak fundamentuz eginda. Nahiko lehia estua suertatu zen, puntu kopuru baxukoa, defentsak eta atezainak nagusi izan ziren une oro. Etxekoek aldea zabaltzea lortu zuten hasierako partean baina barakaldarrak kikildu gabe berdinketaraino eraman zuten neurketa atsedenaldia baino lehen. Zazpina. Bigarren zatia bestelakoa izan zen. Aurretik jarri ziren eta guzti horiak, baina ez zen ispilatze bat besterik izan. Lehendabiziko 15 minututan lehen zatian bezain gol adina sartzea lortu zituzten bi taldeek. Hortik aurrera, Ander Ballesterosen geldituak, defentsa fina eta aurrean zorrotz egoteari esker, garaipena poltsikoratzea lortu zuten gipuzkoarrek: “ Neurketa oso parekatua izan zen. Defentsen eta atezainen lan bikainari esker markagailu arraro bat ikusi genuen. Baina benetan goraipatzekoa Ander Ballesterosen lana, 15 jaurtiketa baino gehiago geldituz; taldearen defentsa ere azpimarratu nahiko nuke, Barakaldo gol bakarra egin bai zuen azkeneko 18 minututan”, nabarmentzen du Fernando entrenatzaileak.
Andres Alonso, Barakaldoko jokalaria bilakatu zen goleatzaile nagusia seirekin; Fernandorenak ordea ondo banatu zituzten golen egileak, Xabier Azkonizaga eta Mikel Zuloaga, berriz ere, laurekin izan ziren ate aurrean hobekien ibili zirenak. “Aurrealdean Azkonizagaren hegaleko lana goraipatzea nahiko nuke. Hori bai, gure erruengatik jasotzen ditugun zigorrak murritzu behar dugu, baita jariakortasun batekin jolastu ere”. Hierros Servando Eibar goialdean finkatzen da porrotik zer den jakin gabe, ezta hemendik aurrera zer gertatuko den ere ez…
Hierros Servando Eibar taldeak garaipen borrokatua lortu zuen Egia Teila Fabrikaren aurka, gol gutxiko neurketa berdindu batean (22-19). Gainera, puntua lortzeko zorian egon ziren donostiarrak, baina Ruben Fuentes atezainak azken bi erasoak gelditu zituen, bi puntutako saria etxean utziz. Armaginak aldiz, ez zuten barkatu beraien azken jaurtiketetan, errenkadan bigarren garaitia lortuz.
Argi geratu zen hasierako minututan defentsen lehia izango zela eta erritmo geldo batean jokatuko zela neurketa. Etxekoek ezin zuten defentsa itxia zulatu eta aurretik jartzen ziren bakoitzean, donostiarrek berdintzea lortzen zuten. Horrela, hamarna iritsi ziren atsedenaldira,hiriburukoen azken eraso eraginkor bati esker. Hari beretik ekin zuen bigarren zatiak, huts ugari eta gol gutxi. Hala nola, nabarmentzeko datu bat, eibartarren aldetik 11 jokalarik guztira, gutxienez gol bat sartzea lortu zuten.Hori bai, nagusiena Mikel Zuloaga izan zen seirekin. Donostiarren aldetik iazko amaitu gabeko ligan pitxitxigeratu zena, Mikel Royo zazpirekin. Azken eraso eta defentsa eragileei esker laugarren puntua batzeko aukera izan zuten armaginek.
Hierros Servando Eibar Eskubaloiak ezin hobeto hasi du bueltan den liga txapelketa, Asfaltos Redondo Solozabal Navarrete taldea errioxan garaitu eta gero (24-37). Markagailuak erakusten duena baino zailtasun handiagoarekin gailendu ziren eibartarrak. Jardunaldia bukatzeko pare bat neurketa jolasteke dauden arren, armaginak dira ligako lehen liderrak lortu zuten aldeari esker. Lander Casado, armaginen aurtengo fitxaketariko bat nabarmendu zen partidako goleatzaile nagusi bezala 10 golekin. Mikel Zuloagak ez zuen golarekin duen hitzordura falta eta 6 golen egilea izan zen.
Ondo hasi zuten Fernandorenak norgehiagoka hiru goleko aldea lortuz lehendabiziko bost minutuetan. Hala ere, etxekoak suspertu eta berdinketa mantendu zuten lehen zati osoaren zehar. Hori bai, hiru goleko diferentziarekin iritsi ziren eibartarrak atsedenaldira, azkeneko jokaldi oparoei esker. Bigarrena ere ildo beretik jarraitu zuen, armaginek hiru goleko errenta mantendu zuten 40 minutu eta gero. Neurketaren azken herenean, 4-14ko partziala lortuta, garaipena lotu eta Hierros Servando Eibar taldeak lehendabiziko bi puntuak eskuratu zituen.



Español 
















