Senior mailako taldeek beste asteburu lehiakor bat sinatu zuten, Zilarrezko Ohorezko Mailan eta Gizonezkoen Lehen Mailan beste garaipen bat lortuz.
Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Maila: Garaipen sendoa Malkaitzen aurka (26-20)
Zilarrezko Ohorezko Mailako neskek denboraldiko laugarren garaipena lortu dute asteburu honetan, eta merezitako laugarren postuan kokatu dira sailkapenean.
Taldea oso kontzentratuta atera zen hasieratik, aurkari zuzen eta igo berri baten aurkako lehiaren garrantziaz jabetuta. Gol trukaketa baten ondoren, Eibarrek lehen aldea ireki zuen 20. minutuan eta atsedenaldira 15-10 joan zen markagailuan.
Bigarren zatiaren hasiera are hobea izan zen, taldeak 8 goleko aldea lortu baitzuen. Nahiz eta baloi galeren ondorioz Malkaitz apur bat hurbildu zen, garaipena ez zen inoiz arriskuan egon, eta partida 26-20 amaitu zen.
Gizonezkoen Lehen Nazionala: Garipena Loyolako pistan (30-32)
Partida intentsitate handiz hasi zen, Loyola bikain aritu baitzen lehen minutuetan. Etxekoek markagailuan aurretik jartzea lortu zuten hainbat erasoren ondoren, baina Eibarrek nortasunez erantzun zuen. Oier Arriolaren eta Mikel Kortabarriaren golei esker, armaginek partida orekatu eta atsedenaldira 14nako berdinketarekin iristea lortu zuten, bigarren zatirako dena irekita utziz.
Bigarren zatian Eibar indartsu zelairatu zen eta aldeko partzial batekin hainbat goleko errenta irekitzea lortu zuen. Loyola erreakzionatzen saiatu zen eta estutu egin zuen azken minutuetan, baina talde eibartarrak heldutasunez kudeatu zuen bere abantaila eta partidaren kontrola azken unera arte mantendu zuen.
Behin betiko markagailuak (30-32) Eibarrek une erabakigarrietan erakutsitako sendotasuna eta talde lan bikaina islatzen du. Taldearen konfiantza indartu eta sailkapeneko goiko postuetan mantentzen duen meritu handiko garaipena.



Español 

















