
Gizonezkoen Seniorrek zapore gazi-gozoko beste berdinketa bat lortu zuten Anaitasuna liderraren aurka, faseko postuetan sartzeko aukerak are gehiago zailtzen dituen partidan. Talde nafarrak bere kalitatea erakutsi zuen lehen zatiko azken txanpan, Mek taldearen erasoko hutsegitea aprobetxatuz. Bigarren zatian, ordea, armaginek ez zituzten besoak jaitsi eta azken minutuan markagailua berdintzea lortu zuten, 10 segundoren faltan irabazteko azken aukera batekin. Giro bikaina Ipuruan, zaleak partida zirraragarri bati emanak.
Bestalde, Emakumezko Seniorrek porrot gogorra jaso zuten larunbatean, Basauriren aurkako joaneko partidako akatsak errepikatuz. Hasiera kaskar batek, jaurtiketa argietan izandako hutsegiteekin eta baloi galerekin, aurkariei abantaila azkar hartzeko aukera eman zien (2-6) eta atsedenaldian partida erabakita utzi zuten (8-17). Bigarren zati hobea izan arren, aldea gaindiezina izan zen.
Neurketako albisterik onena Malen Aja kapitainaren itzulera izan zen, urtebete baino gehiago pistetatik kanpo egon ondoren, bere itzuleran kalitate handiko minutuak batu baitzituen.