
Eibar Eskubaloitik, asteburu honetan — maiatzak 9, 10 eta 11 — ilusio handiz ospatuko dugu Eskubaloi Eguna. Kirolez, musikaz, elkarbizitzaz eta une bereziz beteriko hiru egun izango dira, armagin familia osoarekin eta Eibarrekin partekatu nahi ditugunak.
Ostiralean, hilak 9, asteburuari hasiera emango diogu, txosna 18:00etan irekiz. Ondoren, erakundeetako ordezkariak eta gure babesleak hartuko ditugu Untzagan, eta, batez ere, asteburuko unerik sinbolikoenetako bat biziko dugu: klubaren argazki erraldoia, Eibar Eskubaloiko jokalari guztiak bilduko dituena, Untzagako harmailetan kamiseta ofizialak jantzita. Klubetik armaginen familia osoa animatzen dugu proiektuaren batasuna eta indarra sinbolizatzen duen une berezi honetara joatera.
Larunbata, hilak 10, ekitaldiz beteriko eguna izango da goizetik hasita. Multikirolak LH5 eta LH6ko ikasleekin, herri bazkaria Errebal plazan kalejira alai baten ondoren, eta erakustaldi partidak eskubaloi eskolako txikienekin. Arratsaldea musikaz, kalejiraz eta URKARI eta GOMA2 taldeen kontzertuez girotuko da Untzaga plazan arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Igandean, hilak 11, txosna irekiko dugu 10:00etan eta eskubaloiaren zozketa handiarekin amaituko dugu ospakizuna, 14:00etan.
Eskubaloi Egun hau garenaren isla izatea nahi dugu: klub bizia, eskubaloiarekiko pasioa duena, horregatik gure jokalari, familia, teknikari, bazkide eta gogaide guztiei ospakizun handi honetan aktiboki parte hartzeko deia luzatu nahi diegu. Untzaga kolorez, alaitasunez eta eskubaloiarekiko pasioz betetzea nahi dugu.
Eskubaloiaz gozatu, kirola bultzatu eta herria sendotu!