Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak ere asko borrokatutako garaipena poltsikoratu zuen Ipuruan Inmobiliaria ezker aldea Barakaldo taldearen kontra, beheko postuetan sailkatuta bada ere, aurpegia eman eta armaginei zail jarri zizkieten gauzak. Hala ere, duten kalitatea agerian utzi zuten eibartarrek beste astebetez, 11. garaipena eskuratzeko eta lehen postua bermatzeko. Bigarren da Sugraf Zaragoza bost puntu eta neurketa bat gutxiagorekin. “Beste partida bat non arerioak dena ematera derrigortzen gaituena, eta horrek, liga txapelketa ze lehiakorra den erakusten du”, zioen Fernando Fernandez entrenatzaile armaginak. Gainera, talde bizkaitarra goresten du Fernandok. “Gu, liderrak izanik, ezin izan genuen markagailua irauli 40. minuturarte beheko postuetan den talde baten aurka”.
Zoragarri hasi zuten norgehiagoka bizkaitarrek, aginte makila hartuta, bizpahiru goleko aldeaz gozatu zuten lehen zati osoan zehar; eta behin eibartarrak suspertuta, ia bukaerararte eutsi zioten emaitzari. “Barakaldoren partida oso ona izan zen. Goraipatzekoa ere atezainaren gelditu zoragarriak”. Dena dela, luze egin zitzaion lehia talde horiari eta bigarren zatiko aurreneko 15 minututan bi gol sartzea besterik ez zuten lortu, etxekoen harresiarekin behin eta berriz topo eginaz. “Jaurtiketa errez ugari huts egin genituen berriz, baina ez genuen amore eman eta defentsaren lan bikain baten ondoren, erritmoa bizkortu eta markagailua iraultzea lortu genuen”. Lander Casado izan zen norgehiagokako jokalaririk onena 11 gol sartu ondoren. “Lander goraipatzea nahiko nuke, lesioegatik %100 ez bazegoen ere partida bikaina burutu zuen”.
Bi puntu baino gehiago balio zuen garaipena lortu zuen Arrate Eibar Eskubaloiak pasa den larunbatean Helvetia Anaitasunaren kantxan (30-33). Lanean eta borrokan oinarritutako garaipena izan zen, zuten aukeretan sinistu eta bi puntuak etxera ekartzea lortu zuten eibartarrek. Horrela, lehen postuan sendo jarraitzen du talde armaginak 21 punturekin, Sugraf Zaragoza baino 5 gehiagorekin, hori bai, partidu bat jokatzeke du talde aragoiarrak.
Oso lehia estua bizi zen iruñan, non bi taldeek eskubaloi erakustaldi ederra eman zuten. "Neurketa gogorra, erritmo handiarekin eta lasaitzeko denborarik gabekoa. Oso gaizki hasi gara, lehenengo jaurtiketak, bi zutoinera eta bi gelditu egin digute, hori dela eta markagailuan aldea zabaldu dute hasieratik eta ez gara kapazak izan lehen zatiaren amaierarate aldeak murrizteko", zioen Fernando Fernandez, entrenatzaile armaginak behin norgehiagoka bukatuta. Atzetik iritsi ziren atsedenaldira eibartarrak, larritasuna arinduz. Diferentzia handitzen zuten bakoitzean etxekoek, berriz hurbiltzen ziren Fernandorenak, hala ere, Anaitasuna aurretik lehenengo 30 minutuak eta gero.
Dena dela, bigarren zatia bestelakoa izan zen eta armaginek, berdintzeaz gain, markagailua irauli eta aurretik jartzea lortu zuten, beste behin erakutsiz talde honek ederki dakiela jokatzen momentu txarretan, duen kalitatea kanpora ateratzen, alegia. "Denetan hobetu dugu bigarren zatian, gain-azpi egin markagailuan eta Anaitasunaren presioa gainditu dugu; gainera, etxeko entrenatzailearen 7x6 taktika gaindituz, aldea eustea lortu du taldeak" zioen harro Fernandok. Lander Casado izan zen neurketako goleatzailerik onena 8rekin. Goraipatu talde osoaren eraginkortasuna, guztira 11 armaginek gutxienez gol bat egitea lortu zuten eta. Datorren larunbatean Inmobiliarias ezker aldea Barakaldo izango da Ipuruan.
Lehenago aipatu bezala, emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloia urte t’erdi zaramatzan liga partidurik galdu gabe, 18 hilabete geroago heldu da beste porrot bat, hala eta guztiz, taldeak indartsu jarraitzen du lehen postuan. ”Ez zan gure partida izan”. Aurretik jarri ziren donostiarrak hasieratik errenta zabalduz, hala eta guztiz, eibartarrak suspertzea lortu zuten gol batera jarriz. Dena den, ez ziren izan markagailua iraultzeko gai eta bukaerararte saiatu ziren arren, puntu gabe itzuli behar izan ziren etxera “Defentsa irekia jarri genuen azkenean, ea buelta ematea lortzen genuen, baina ezin”, penaz zen Andoni. Hala ere, ez dute burua makurtzen eibartarrek eta Kukullaga-Etxebarri taldearen bisita jasoko dute bi aste barru, helburua lortzeko beste pausu haundi bat emateko esperoan.