Eibar Eskubaloiaren bigarren taldearen garaipen bikaina Labarra Taberna Pulporen aurka (29-25). Norgehiagoka oso parekatua suertatu zen xehetasunek erabakia. Armaginak hirugarren dira 21 punturekin 16 jardunaldiren ondoren. Lehen postua zazpira dute eta bigarrena laura. Laubide Jatetxea Legazpi da bigarren postu horretan, eibartarren hurrengo aurkaria hain zuzen ere.
Somos Eibarren porrot mingarria larunbatean gol bakar baten aldeaz. Gehio merezi izan zuten eibartarrek baina azkeneko minutuetan eginiko hutsek taldea kondenatu zuten. Norgehiagokaren hiru laurdenetan jaun eta jabe izan ziren armaginak baina Tolosa talde trinko bat bezala mantendu zen, hobeago jolasten minutuak joan ahala. Orain bertan, sailkapena oso estu jarri da kanpotarren garaipenarekin. Sei talde dira guztira bi punturen bitartean daudenak; eibartarrak hamabigarren dira 17 punturekin; Zaragozako Dominicos zazpigarren da 19rekin. Horretaz gain, Egia taldeak jardunaldi honetan irabazi eta 13 punturekin jarri da.
Hasiera nahiko alderraia gertatu zen. Ez zuten asmatzen ez batak ez besteak, baina etxekoak izan ziren lehenak abentaila lortzen eta markagailuan aldea handitzen. Lehen zati on bati esker atsedenaldira hiru gol aurretik iritsi ziren armaginak, baina oraindik denbora asko geratzen zen.
Hala ere, bigarren zati parekatu bat eta gero, tolosarrak berdintzea eta baita aurretik jartzea lortuz batera, ez zioten aurkariari berriz aurreratzen utzi. Hamabost minutu baino gutxiago falta zirenean aurreratu ziren bukaeraraino. Oso zaila egiten zaigu jokalari bakar batekin geratzea, hori dela eta Tolosa talde osoa goraipatzekotan gaude. Sailkapenean erakusten duten baino sendoago azaldu ziren Ipuruan. Fernandoren mutilen artean Axier Gisasolaren lana izan zen aipagarriena, guztira bederatzi gol egin zituen, neurketan gehien, baina azkenean ezin izan zuen taldearen porrota saihestu. Hurrengo neurketan pentsatzen dira jada eibartarrak, larunbatean Urdulizen jokatuko duten Urduliz taldearen aurka, beraien ligako beste talde bat, hamairugarren bait dira armaginak baino bi puntu gutxiagorekin.
Somos Eibar taldeak balio asko dituzten bi puntu lortu zituen Beti-Onaki garaitu eta gero (30-24). Hasierako bien arteko kolpeek markagailua berdinduta zeukaten eta eibartarrek bi golen aldea lortu bazuten ere hamargarren minuturako, naparrak ez ziren kokildu eta berdintzea lortu zuten berriz. Baina kanpotarrek baloi asko galdu zituzten, huts egite ugari eta kontraeraso pila armaginentzat. Huts hoien eragile nagusiak, defentsa bikain bat eta Fuentes atezainaren gelditu handiak izan ziren. Kanporatua izan zen arren, neurketa zoragarria gauzatu zuen taldekideei garaipenaren bidea arinduz. Hala ere, Fernandoren mutilak presa zutela ematen zuen, kontraerasoak segiduan amaitzeko gogoarekin, eraginkortasuna jeitsiz. Interbidea, buruarekin jolastea zen, jokaldiak prestatuz eta horrek emaitza ematen bukatu zuen.
Atzean egindako lan bikain horri esker, taldeak, zortzi minututan bi gol besterik ez zituen jaso. Aurrean, arerioak beldurtzen jarraitzen zuen Mikel Zuloagak eta aurrean jartzen ziren guztiak gaindituz, goletan zenbaki bikoitzak lortu zituen beste jardunaldi batez, oraingoan 11 gol sartuz, taldeak baino heren bat baino gehiago. Gainera, bostgarren posturaino igo da ligan gol gehien sartu dituztenen sailkapenean, 98 eginda, batezbeste bost baino gehio, izugarria.
Denboraldiko lehen zatirik onenetarikoa izan zen eibartarren partetik, bost goleko aldearekin atsedenaldirako, irudi paregabe erakutsiz. Bide beretik hasi zen bigarren zatian, armaginak buru zirela, lau eta hutseko partziala lortu zuten zortzi minututan norgehiagoka bideratuz. Goraipatzekoa da berriro ere Ipuruako kiroldegiak erakutsi zuen sarrera, zaletuek taldea bultzatu zuten azken minuturaino animatuz eta urteko garaipenik garrantzitsuetariko batera eramanez. Ondo eutsi zioten mutilek azkeneraino eta bi puntuak poltsikoratu ondoren hamargarren posturaino igotzen dira beheko postuetatik zertxobait urrunduz.
Somos Eibar taldearen porrot gogorra Zaragozako Maristasen aurka (36-34), neurketa lehiatu baten ondoren. Puntu bat ateratzear egon ziren armaginak, baina ezin izan zuten aurkaria markagailuan harrapatu. Oso ondo hasi ziren eibartarrak, aurretik jarri ziren hasieratik eta hiru goleko aldea ere eduki zuten, baina lau eta hutseko partzialak etxekoen partetik, lehen zatiko azken bost minutuetan, gol bakarreko aldearekin jarri zuen Maristas atsedenldirako.
Bigarren zatian, aragoiarrak ondo eutsi zioten armeginen erasoei, denbora guztian aurretik markagailuan, nahiz eta euskaldunak erruz saiatu, ezin izan zuten azkenean ezer onik Zaragozatik ekarri. Nabarmentzekoa da berriro ere Mikel Zuloagak egindako lan aparta erasoan 12 gol sartuz, aurtengo taldeko errekor pertsonala. Bere goleei esker, eibartarrak aldeari eustea lortu zuten arren ez ziren jomugara iritsi. Garaipenaren bidera itzuli eta porrota ahazteko, Beti-Onak taldeari datorren larunbatean irabaztea izango litzateke sendagairik onena, armaginen interesetarako oso garrantzitsua.