Bi puntu baino gehiago balio zuen garaipena lortu zuten Andoni Perezen neskek Ipuruan Urdaibai Bilboats garaituta (27-18) eta bigarren postuan jarraitzen dute Omega Peripherals Basauri 2 puntura dutelarik, baina hirugarrena den Bera Bera 4 azpitik da jada, beraz asteburu borobila eibartarrentzat. Datorren asteburuan Eraiken Eharialdea izango da Ipuruan bost partidu faltan.
Oso ondo hasi zuten partida eibartarrek, 5:1 defentsarekin, intentsitate handia erakutsiz eta hori markagailuan islatzen zen. Lehiaren zati handi batean 8-10 goleko errenta edukitzea lortu zuten armaginek, hala ere, ezin izan zuten 60 minutuetan intentsitatea mantendu: “40. minututik aurrera kriston bajoia euki dugu eta pixkanaka pixkanaka Askartza hurbiltzen joan da”, zioen Andoni Perez entrenatzaileak. Baina talde honen kalitatea izugarria da eta momenturik zailenetan ere daukaten onena atera dezaketela erakutsi zuten berriro neskek. “Azkenian ondo kudeatu ditugu, bai erasoak eta baita defentsa ere, beraz bi puntuak Eibarrera”. Goraipatzekoa Amaia san Martin lana taldea zuzentzen eta Ane Treviñoren 5 golak , nahiz eta aktan 3 jarri. Datorren astebururan ez da liga jardunaldirik izango, bi aste barru Urdaibai Bilboats talde bizkaitarrak bisitatuko du Ipurua.
Lidertzan sendo jarraitzen du gizonezkoen taldeak, jokatu dituen neurketa guztiak irabazi eta gero, bat ezik, berdindu egin zutelako, hau da, 18 garaipen guztira, eta honek ez duela etenik ematen du, forma ezin hobean direlako gure mutilak. Helvetia Anaitasuna ere bikainki dabil eta 6 puntura dira nafarrak. Berdinduta hasi bazen ere larunbateko lehia, 10 minutu besterik ez zuten eutsi tolosarrek, hortik aurrera armaginek markagailuan aldea zabaltzen joan ziren denbora pasa ahala. Lidertzan zerbaitegatik daudela erakutsi zuten beste behin eibartarrek. Oraingotan Mikel Zuloaga izan zen armaginen goleatzailerik onena 9rekin eta Asier Urain bigarrena 7rekin. Datorren astean Egia Teila fabrika izango da Ipuruan.
Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiaren ratxa onak ez du etenik eta beste bi puntu batu zituen talde eibartarrak Tarazonaren aurka larunbatean Ipuruan (33-30). Jokatutako azken partiden gidoi berbera eduki zuen honek: eibartarrak aginte makilarekin, azken minututan lasaitu eta puntuak galtzeko arriskua egon , eta, hala ere, behin eta berriz erakusten dute gure mutilek momenturik zailenetan ere aurrera egiten. Lidertzan jarraitzen dute 33 punturekin, bigarrena den Helvetia Anaitasuna baino 6 gehiagorekin.
Lehengo zatia nahiko parekatua izan zen, bi taldeak erasokor, ez ziren markagailuan aldeak zabaltzen. Hala eta guztiz, lehen zati amaieran eta bigarrenaren hasieran, diferentzia handitu eta bederatzi goleko abantaila ere eduki zuten armaginek. Baina azken neurketetan geratu zaien bezala, ez zuten jakin larunbateko lehia ixten eta alde zabala kudeatzen, hori dela eta, sufritzea tokatu zen beste behin. Gol bakarrera hurbildu ziren Aragoiarrak, punturen bat irabaziko zutela amesten, orduan atera zuten etxekoek lider izaera, eta duten adorea erakutsiz beste bi puntu poltsikoratu zituzten lehen postuan sendo eta oraindik partidurik galdu gabe jarraitzeko. Erasoko jokalariak gailendu ziren asteburuko norgehiagokan gol kopuru handia sartuz. Nabarmentzekoa ohikoa ez den gauza bat, hau da, gure taldeko bi jokalarik gutxienez 10 gol egin zituztela. Asier Urainek 12 eta Axier Gisasolak 10, larunbatean inspiratuta zeudela argi utzi zuten, taldeari 16. garaipena emateko.
Emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak ere garaipen itzela lortu zuen ostiralean Ipuruan Ameztoi Zarautzen kontra (24-21), eta lehen postuan Bera Bera taldearekin berdinduta, puntu sorta politarekin sailkatzen dira bigarren fasera. Bestelako multzoa espero da hurrengoko ligaxkan, Omega Peripherals Basauri edo Eraiken Eharialdea moduko talde gogorrekin, besteak beste. Prest dira gure neskak erronka berriari ekiteko eta ziur gaude maila emango dutela, bukaerako emaitza bata ala bestea izan.



Español 














