Ipuruako partida aztertzen badugu lehendabiziz, historia handirik gabeko lehia izan zen eta hasiera batetik dominatu zuen talde armaginak neurketa. Mikel Zuloagaren 11 eta Alex Puenteren 6 golei esker berehala bideratu zuten partida eibartarrek, hala ere, ordu laurden tardatu zuten, aurpegia eman baitzuten bizkaitarrek eta ederki lehiatzen hasi ziren. Dena den, Fernandoren mutilen kalitatea agerian geratu zen eta aldea zabaltzen joan ziren partida pasa ahala. Nabarmentzekoa izan zen atzelarien lana eta defentsan egindako lan guztia, garaipenaren oinarria izan baitzen. Ez gara nekatuko Mikel Zuloagaren izena aipatzeaz berriro ere goleatzailerik onena izan baitzen eta lehen postuan da ligan gehien sartzen dituztenen artean. Konfiantza berreskuratzeko balio izan duen neurketa, hurrengokoan pentsatzen hasiak dira jada eibartarrak, Egia teila fabrikari egingo dioten bisitan, alegia.
Gizonezkoen neurketa hasiera batean espero zena baino errazagoa suertatu zen. Lehengo minutuetan diferentzia ateratzea pixka bat kostatu zen arren, aldea 5golekoa zen atsedenaldirako. Gehiago zirela erakutsi zuten hasiera batetik eibartarrek eta 60 minutuetan zehar argi geratu zen alde hori. Mikel Guerraren momentu bikaina atepean, defentsa sendo eta gogor bat eta Mikel Zuloagaren golei esker, garaipena erdiestea lortu zuten armagiñek. 9 golen egile, golegileen taularen lehen tokian jarraitzen du Mikelek 34rekin jokatu dituen 4 partidutan. Beti-Onaken aurka Garikoitz Viguera eta Jon Barruetabeña izan zituen Mikelek erasoan laguntzaile, bat 6 golekin eta bestea 5ekin. Taldea toki gorenetan mantentzen duen emaitza eta amesten jarraitzeko irudia, ezbairik gabe. Romo Broker Kirol izango da eibartarren hurrengo oztopo.
Emakumezkoek, aldiz, ezin izan zuten punturik atera Kukullagaren kontra, arerio gogorra, hala eta guztiz, eibartarrek ez zuten amore eman bukaeraraino borrokatuz. Ezin izan zen arrakasta lortu, baina argi geratu zen armaginek gerra emango dutela zilarrezko mailan. Atzetik markagailuan une oro, gol bakarrera hurreratu ziren Andoniren neskak, arrakasta gertu edukiz, hala eta guztiz, punturik gabe geratu behar izan ziren. Sailkapenean berdinduta agertzen dira orain bi talde hauek 2 punturekin. Ane Treviño eta Irune de Castro bilakatu ziren eibartarren goleatzailerik onenak 7 eta 6rekin, hurrenez hurren, eta horrek erakusten du eraginkorragoak direla erasoan armaginak aurreko bi partidatan ikusi zena baino. Datorren aste-bukaeran Helvetia Anaitasunaren pista bisitatu beharko dute eibartarrek.
Lehian sartzea asko kostatu zitzaien armaginei, eta hori bukaerako markagailuan nabaritu zen: “Ez dugu eskatzen zen maila eman”, nahigabetuta zen Andoni Perez entrenatzailea behin partida bukatuta. Hala ere, eibartarrek suspertzea lortu zuten bigarren zatian, baina ez zen nahiko izan. Bisitarien azken bultzadak aldea zabaldu zuen berriz ere bukaeraraino. Kanpotarren Esther Legarre izan zen lehiako goleatzailerik nagusiena 8rekin, Naia de Castro eibartarrena 4rekin. “Porrot latza, baina ikasteko balioko diguna eta jaikitzen lagunduko diona taldeari”, itxaropentsu agertu zen Andoni etorkizunera begira. Hurrengo jardunaldian ez dute bidai luzea egin beharrik, 10 minutukoa besterik ez, Gaurve Asesores Elgoibar bisitatuko baitute eibartarrek. Oztopoak gaindituz bidea eraiki!!