Gizonezkoen partidatik hasita esan dezakegu joan-etorriko neurketa izan zela eta bi taldeek izan zituztela irabazteko aukerak, hori bai, armaginak izan ziren puntuetatik gertuen ibili zirenak, azkenean, puntu banaketa. Lehen zatia nahiko parekatua suertatu zen, hasierako minutuetan etxekoak gailendu ziren eta aurretik jartzea lortu zuten, hala ere, markagailua irauli eta aurretik jarri ziren Fernandoren mutilak atsedenaldia heldu baino lehen. Aldageletatik bueltan aldea zabaltzea lortu zuten eibartarrek, baina ezin izan zuten diferentzia mantendu. Bidasoak hori aprobetxatu eta berdinketaraino iritsi zen azken aukera aprobetxatuz. Puntu banaketa azkenean, Bidasoaren filialak 3 ditu orain, armaginek 5. Mikel Zuloaga eta Jon Barruetabeña nabarmendu behar dira beste behin, hala ere, Garikoitz Viguera gehitu behar zaie oraingoan, beste 8 golen egile, alegia. 34tik 24 golek beraien hiruren izen abizenak dituzte. Horri esker, Mikel C multzoko goleatzaileen artean lehena da sailkapenean, 25 egin baititu orain arte. Datorren asteburuan Beti Onak nafarrak bisitatuko du Ipurua.
Mutilek, bestalde, balio handiko garaipena eskuratu zuten Bartzelonan. Palautordera talde berria zen mailan, hala eta guztiz, gauzak zail jarri zizkion gure taldeari. Lehia oso parekatua suertatu zen, lehen zatian batez ere, txapelketako aurreneko partida zela agerian geratuz. Dena dela, bi goleko errentarekin iritsi ziren gipuzkoarrak atsedenaldira, aldea ez zen zabala, baina nahikoa arerioa gertutik zaintzeko. Bigarrenean jaurtiketa portzentaiak hobetu eta diferentzia handitu zuten Fernandoren mutilek partiduko bi puntuak Eibarrera ekarriz. Mikel Zuloaga izan zen neurketan golik gehien egin zituena, 9 hain zuzen ere. Jon Barruetabeña bigarrena 6rekin. Nabarmentzekoa Koldo Estenaga jubenilaren debuta lehen taldean, bi golen egile, gainera. Datorren igande goizean Ipuruan egingo du debuta talde armaginak Lodisna San Antonioren aurka 2. jardunaldiari dagokion partidan.
Beste garaipen bat Arrate Eibar Eskubaloiko gizonen goi mailakoen sakura. Oraingo honetan, Ereintza Aguaplast menderatzea lortu zuten (24-29) azken aurreko jardunaldian eta txapeldunak zerbaitegatik direla erakutsi zuten beste behin. Hori bai, ez zen urteko garaipenik politena izan, hala ere, ulertzekoa da, talde guztiak azken faseko hiru neurketetan baitu burua. Esan bezala, errenteriako lehia nahiko parekatua suertatu zen. Lehenengo zatia, adibidez, etxekoena izan zen, aurretik izan baiziren 30 minutuetatik gehiena. Atsedenaldia heldu zenerako ere gainetik ziren errenteriarrak, hala ere, bigarren zati zoragarri batekin markagailua iraultzea lortu zuten armaginek, horrela, beste garaipen eskuratuz eta beste bi puntu batuz. Kanpotarren aldetik 12 jokalarik guztira gutxienez gol bat egitea lortu zuten, Fernandorenen lan talde zoragarria agerian utziz. Denen aurretik Asier Urain goraipatu 7 gol sartu baitzituen. Datorren asteburuan jokatuko dute azken jardunaldia, Ipuruan, Il capo Hondarribia Bidasoaren aurka larunbatean arratsaldeko 19:00etan. Igoera fasea hasi baino lehenagoko zaletuen azken bultzada.
Mutilek ez zuten gupidarik eduki eta erraz menderatu zuten Inmobiliaria ezker aldea Barakaldo bere kantxan. Maisutasunez gailendu ziren armaginak, inongo arazorik gabe, atsedenaldirako 11 goleko errentarekin heldu ziren. Bigarrenean, aldea ederki kudeatu eta beste bi puntu batu zituen talde eibartarrak. Mikel Zuloaga bilakatu zen neurketako goleatzailerik onena 14kin. Bukaerarako hiru partiduren faltan eta lidertza lotuta, irrikitan dira gure mutilak azken erronkari ekiteko. Iazko aho zapore garratza kendu eta lortu ez zutenaren bila joateko.