Gizonezkoek, aldiz, ratxa txarrari amaiera eman eta Barakaldo Indepca XXIren kantxan irabaztea lortu zuten (33-36).Bosgarren dira eibartarrak 27 punturekin.
Neurketa hasieran ematen zuen bizkaitarrek borroka gehiago emango zutela, hala ere, ederki kudeatu zuten nagusitasuna armaginek eta goiz lortutako aldea bukaeraraino eramatea erdietsi zuten. Gainera, Garikoitz Viguera (7), Mikel Zuloaga (11) eta Jon Barruetabeñaren (7) goleei esker bi puntuak eskuratzea errezagoa suertatu zen. Taldearen 36 goletatik 25 egin zituzten hiruren artean. Ez da denboraldi erreza izaten ari, hala eta guztiz, ederki ari dira gure mutilak ahal duten guztia egiten.
Bi puntu baino gehiago balio zuen garaipena lortu zuten Fernandoren jokalariek kiroldegian. Hasiera parekatua suertatu zen, hala ere, minutuak pasa ahala gailentzen joan ziren eibartarrak. Atsedenaldian bi goleko aldea zuten. Bigarrenean diferentzia hori handitzen joan ziren eta bi puntuak hurbil ikusten hasiak ziren. Hala eta guztiz, 28na berdintzea lortu zuten bisitariek bost minuturen faltan. Dena den, 4-2ko azken partzialak gure taldearen alde utzi zuen partida. Mikel Zuloaga nagusi izan zelarik ate aurrean 11 golekin. Datorren jardunaldian Beti Onak talde nafarra bisitatuko dute armaginek.
Hasieratik aurkaria baino gehiago izan zen talde armagina Iruñean. Ez zuten kontrario gogorrik aurkitu gure mutilek eta bi puntuak berehala ziurtatu zituzten. Lehendabiziko 10 minutuetako partziala 1-10ekoa izan zen. Lehiaren zehar 11 goleko errenta ere eduki zuten kanpotarrek, hala ere, oina azeleragailutik jaso eta diferentzia murriztea lortu zuten nafarrek. Dena den, bi puntuak Eibarrera. Mikel Zuloaga izan zen goleatzailerik onena 8rekin. Jon Barruetabeña bigarrena 6rekin. Datorren jardunaldian Il capo Hondarribia Bidasoaren bisita jasoko dute armaginek.
Gertu geratu ziren Fernandoren mutilak, gutxienez puntu bat etxera ekartzeko, hala eta guztiz, eduki zuten aukera ez zuten aprobetxatu, azken 10 minutuetan bi gol aurretik baitziren armaginak. 7-3ko azken partzialak Bizkaian utzi zituen bi puntuak eta orain bertan berdinduta dira bi taldeak sailkapenean 19 punturekin. Porrota jasan arren gure Garikotz Viguera eta Egoitz Blanco bilakatu ziren neurketako goleatzailerik onenak bakoitza 6rekin. Datorren asteburuan Palautordera Salicru talde katalanaren bisita jasoko dute eibartarrek Ipuruan, aho zapore garratz hau kendu nahian kantxaratuko dira.
Bestelakoa suertatu zen mutilen partida. Hasieratik aginte makila hartuta ez zuten arerioaren gupidarik izan eta aukerarik eman gabe etxekoei gailendu ziren eibartarrak. 5 minutu besterik ez zuten iraun lehian etxekoek eta talde lan bikainaren adibide garbia guztira 11 armaginek gutxienez gol bat egitea lortu zutela, Mikel Zuloaga denen buru zela 7rekin. Lehen itzulia bukatzeko bi neurketa geratzen direnean, 5. Postuan dira eibartarrak 17 punturekin.