Ezin izan zuen gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi lehen taldeak garaipenik lortu Uharteri egindako bisitan (29-27) eta laugarren postuan jarraitzen duen arren, Tolosak irabazi zuenez bi taldeak berdinduta ageri dira sailkapenean. Hori dela eta, datorren jardunaldian, azkenean, hain zuzen ere, erabakiko da dena. Eibartarrek Trapagarani egingo diote aurre Ipuruan eta tolosarrak Beti Onaken kantxan arituko dira. Ea laugarren postuan bukatzen duten liga armaginek.
Uharten jokatutako norgehiagoka nahiko parekatua suertatu zen, lehen zatia eibartarrena, bigarrena etxekoena, atsedenaldira armaginak aurretik iritsi ziren, hala ere, ondo irauli zuten markagailua nafarrek bigarrenean bi puntuak poltsikoratzeko. Joan etorri askoko neurketak eskuetatik ihes egin zion talde eibartarrari. Gure Jon Barruetabeña izan zen partidako goleatzailerik nagusiena 8rekin.
Denboraldiko 18. Garaipena gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi taldearentzat Tarazonaren aurka Ipuruan (32-27). Zailtasun askorik gabe gainditu zuten etsaia armaginek eta 37. Puntua batuta laugarren postuan finkatuta geratzen dira bi partiduren faltan. Jon Barruetabeña (11), Andoni Yarza (7) eta Garikoitz Viguera (5) jokalarien artean eibartarren golik gehienak egin zituzten (32tik 23 guztira).
Aginte makila eskuan ondo hartuta nagusi izan ziren armaginak 60 minutuetan zehar, arerioari aukera bakar bat ere ez eman gabe. Lehen ordu laurdeneko 10-4ko partzialak libre eta garbi utzi zien etxekoei garaipenaren bidea. Hortik aurrera ez zen gauza garrantzitsurik gerta, Fernandorenak aurretik abantaila nahikoarekin zaletuei beste garaipen bat eskaintzeko. Pare bat neurketa geratzen zaio taldeari denboraldiari amaiera emateko, lehena Uharteren kantxan datorren jardunaldia eta, azkena, Ipuruan Trapagaren kontra.
Gizonezkoek ezin izan zuten ezer egin denboraldiko talderik onenetariko baten kontra, Helvetia Anaitasunaren aurka Ipuruan galdu eta gero (23-30). Gehiago izan ziren nafarrak eta eibartarrak saiatu ziren arren, esku hutsik geratu behar. Aurretik 60 minutuetan zehar gupida gabe nagusitu ziren kanpotarrak. Ibai Etxarte eta Pedro Casas izan ziren norgehiagokako goleatzailerik onenak 7 eta 6rekin, hurrenez hurren.
Ipuruako partidari begira, esan dezakegu lehen laurdenean parekatu xamar joan zela, hala ere, aldea zabaldu eta abantaila polita izatea lortu zuten bisitariek, amaierararte garaipena eramanez. Eibartarrek borrokatu zuten arren ez zuten aukerarik eduki momentu batean ere ez. Gainera, bigarren zati hasieran 8 goleko aldearekin egon ziren aragoiarrak, gerturatzen saiatu ziren gipuzkoarrak, baina bi puntuak etxerik at joan ziren. Hori bai, norgehiagokako goleatzailerik onena gure Mikel Zuloaga izan zen, lehen postuan tinko eutsiz. Datorren asteburuan irteera lasaia izango dute, Alcorta Forging Group Elgoibarri egingo diote eta bisita.
Bi puntu polit ekarri zituzten eibartarrek errenteriatik gol urriko neurketa batetatik. Lehen zati parekatu xamarra suertatu zen, hala eta guztiz, azken 15 minituetan armaginen aldeko 2-9 partzialak kanpotarren alde jarri zuen lehia atsedenaldirako. Bigarrenean aldeari eustea besterik ez zuten egin behar eibartarrek, eta ederki aguantatu ere. Gora behera askoko denboraldiari amaiera ezin hobea ematen ari dira gure jokalariek. Eta erasoan denen gainetik beste behin Mikel Zuloaga, oringo honetan 9 golen egile. Izugarria.