Balio askoko beste bi puntu eskuratu zituen Arrate Eibar Eskubaloiak aste buru honetan Egia Teila Fabrika taldearen kantxan (23-34). Hirugarren dira eibarrarrak 9 punturekin, Helvetia Anaitasuna eta Trapagaran taldeen azpian eta galdu gabe jarraitzen dute gure mutilek. Larunbatean nagusitasun osoz gailendu ziren, hasieratik joko ikusgarria eginez, ez zioten aurkariari aukerarik eman. “Oso kontzentratuta hasi dugu neurketa, instentsitate handiarekin, hori dela eta, markagailuan berehala zabaldu dugu aldea atsedenaldira 10-20 iritsiz”, zioen Fernando Fernandez entrenatzaileak. Ildo beretik jarraitu zuen bigarren zatiak, aginte makila hartuta armaginak, aldea zabaltzea lortu zuten, donostiarrak zailtasun handirik gabe menderatuz. “Tolosaren aurkakoarekin alderatuta, diferentziak mantentzea lortu ditugu bigarren zatian”, kontent zen Fernando taldeak erakutsitako jarrerarekin.
Eskubaloi festa polita bizi izan zuten Egiako kiroldegira gerturatu zirenak. Kirol hau zaletu gabe ez litzateke ezer izango eta donostiarrek eskubaloia gozatzen dutela erakutsi zuten beste behin larunbatean. “Jende pila gerturatu da gaur eta izugarrizko giroa zegoen kantxan”. Hauexek izan ziren Fernandoren lehenengo hitzak norgehiagoka bukatuta. Hala ere, ez ziren kikildu eibartarrak eta nagusiki menderatu zuten Egia. “Egiaren pistan emaitz hau lortzea lorpen izugarria da, eta horrek talde guztiaren kontzentrazio, intentsitate eta joko bikaina adierazten du”. Armaginen aldetik hamaika jokalarik gutxienez gol bat sartzea lortu zuten, taldearen maila agerian utziz berriro ere. Lehiako goleatzaile nagusia etxeko Mikel Royo izan bazen ere, Mikel Zuloaga (6), Jon Barruetabeña (6) edota Lander Casado (5) jokalarien artean, besteak beste, aldea zabaldu eta larritasun gabe egin ziren bi puntuekin.
Beste garaitze itzel bat lortu zuen etxetik kanpo Arrate Eibar Eskubaloiak eta Tolosa bezalako talde baten aurka, gainera(26-29); hirugarren da sailkapenean liderrengandik puntu bakarrera eta neurketarik galdu gabe jarraitzen du. Oso fin aritu ziren eibartarrak hasieratik eta lehen zati ikusgarria egitea lortu zuten. Atzean sendo eta aurrean zorrotz, 10 goleko errenta ere eduki zuten armaginek, dena den, 7 aurretik iritsi ziren atsedenaldira. Esate baterako, lehenengo 25 minutuetan 4 gol besterik ez zituzten jaso gure jokalariek: “Lehenengo zatian landutako garaipena izan da. Eraso eraginkor eta defentsa erabakiorrak bide erreztu digute”, kontent zen Fernando Fernandez entrenatzaile armagina.
Bigarren zatia bestelakoa izan zen, tolosarrak suspertu eta lehenengo 30 minutuetan erakutsitakoa ispilatze bat bakarrik zela baieztatzera kantxaratu ziren, hala ere, oso ondo kontrolatu zuten egoera eibartarrek eta ez zioten etxeko taldeari markagailuan hurbiltzen utzi. “Atsedenaldian geneukan aldeak ezerezean utzi du Tolosarren susperraldia”. Lander Casado eta Jon Barruetabeña izan ziren eibartarren goleatzaile nagusiak, bakoitza 6rekin. Mikel Zuloagak 5 egin zituen eta norgehiagokan gehien egin zituena etxeko Beñat Gibelalde izan zen 7rekin. Etxetik at arituko dira eibartarrak datorren jardunaldian berriro ere, Egia Teila-Fabrika taldearen pistan.