11. neurketa galdu gabe jarraian Hierros Servando Eibar taldeak batu zuena larunbatean Alcorta Forging Group Elgoibarri Ipuruan irabazi eta gero (28-20). Nagusi izan ziren armaginak norgehiagoka guztian, sendo, momentutxo batean ahulezi puntua erakutsi bazuten ere, maisutasunez gailendu ziren gureak. Azken 11 partidetatik 10 irabazi ditu eta bestea berdindu talde armaginak, datu izugarriak ez bairik gabe.
Aginte makila ederki erabili zuten eibartarrek, lehia osoan markagailuan aurretik izanda. Egia da aldea handitzea kostatu zitzaiola taldeari hasiera batean, hala eta guztiz, ez zituzten bi puntuak arriskuan ikusi. Atzean fin aritu ziren armaginak 20 gol jasoz, 6 soilik bigarren zatian. Erasoan berriz, zorrotz, Lander Casado eta Ander Eizagirre bilakatu ziren norgehiagokako goleatzaile nagusienak 8 eta 6 golekin hurrenez hurren.
Bigarren da taldea orain 40 punturekin eta lehen postua bi puntura dute. Hirugarrena, aldiz, zazpi azpitik da, koltxoi bikaina ligako azken zatiari aurre egiteko. Txapelketako bigarren talderik goleatzaileena da eibartarra eta denboraldi bikainari erremate ezin hobea emateko bigarren leku horri eutsi beharko dio. “Egutegi oso zaila daukagu liga amaiera arte eta lanean gogor jarraitu behar dugu, lehiakorrak izan denbora guztian eta fidatu gabe jokatu”. Armaginen entrenatzaileak ondo dioen bezala, neurketa oso zailak datoz: Helvetia Anaitasuna, Uharte eta Ereintza Aguaplast dira hurrengo hirurak, hau da, lehen sailkatua, laugarrena eta hirugarrena hurrenez hurren. Hala eta guztiz, gure jokalariak prest daude erronkari ekiteko. “Hortaz aparte, ez dugu ezustekorik nahi geratzen zaizkigun neurketetan, horrela, %100ean bukaera arte borrokatu”, ondorioztatzen du Fernandok.
Igoera fasean sartzeko puntuak batzen jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak eta jomuga geroz eta hurbilago ikusten dute gure jokalariek Estudio Matmata Zaragoza Ademarren kantxan berdindu eta gero (31-31). Egia da igandean gehiago merezi izan zutela eibartarrek, jaun eta jabe izan zirela bigarren zatian, hala eta guztiz, ez zuten lehia behar zen unean itxi eta aragoitarrek berdinketa lortu zuten azken momentuan. “Neurketak borobiltzen ikasi behar dugu eta arerioari aukerarik ez uzten. Hala ere, oso zail geneukan partida aurrera atera genuen, arerioaren zailtasuna eta pasa dugun aste txarra ikusita poztekoa. Gaixotasunek, lesioek eta lan kontuengatik izandako jokalari gabeziak min asko eman digu”.38 punturekin bigarren dira orain armaginak, lehen postua urrun duten arren, bigarrenari eusteko lan bikaina egiten ari dira ez bairik gabe
Dena dela, etxekoak izan ziren nagusi lehengo 20 minutuetan, batez ere erasoan. Ate aurrean fin aritu ziren espainiarrak kontraeraso bortitzak sortuz eta markagailuan aldeak zabalduz. Hala ere, atzetik bazoazen ere eibartarrek ez zioten neurketari aurpegia galdu eta zertxobait suspertu eta gero markagailua iraultzea lortu zuten atsedenaldira hiru goleko diferentziarekin iritsiz. “Sentimendu gazi-gozoarekin bueltatzen gara, bagenekigun lehia gogorra izango zela, gainera, hasieratik aldapa gora jarri zitzaigun defentsako balantze eskasa eta gero. Hala eta guztiz, markagailua irauli eta bost goleko errenta eduki eta gero dena gaizki irten zitzaigun azken partean, galtzeko arriskua ere hurbiletik ikusiz”. 4 minuturen faltan Axier Gisasolaren golak hiru goleko aldea eman zion eibartarrei, baina etxekoak finago aritu ziren azken momentuetan, akats gutxiago egin zituzten eta berdinketa lortu arte borrokatu zuten.
Mikel Zuloaga berriz bueltan dela argi geratu zen, norgehiagokako goleatzaileri onena bihurtu baitzen 10ekin. Lander Casado 7rekin eta Jon Barruetabeña 6rekin ederki lagundu zuten Mikel. Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik egongo aste santua dela eta.
Hierros Servando Eibar taldearen beste garaipen borrokatua eta landua Dominicos Zaragozaren aurka oraingo honetan, bederatzigarrena jarraian (27-25). Lehenengo zati parekatu baten ondoren, eibartarrek aldea zabaltzea lortu zuten, hala eta guztiz, minutu gutxiren faltan kanpokoak markagailuan hurbildu eta berdinketaren mamua Ipurua kiroldegitik pasa zen. “Gehiegi sufritutako beste etxeko garaipen bat”, aitortu zuen Fernando entrenatzaileak. Hori bai, armaginek duten adorea atera eta bi puntuak poltsikoratzea lortu zuten azken unean. Maila handiko norgehiagoka ikusi ahal izan zen larunbatean, borrokatua eta emozioz beterikoa. Bigarren jarraitzen du taldeak, hori bai, liderrak jokatzeke zuen azken neurketa irabazi eta hiru puntutara da jada.
Norgehiagoka estua espero zen eta iragarpen guztiak bete zituen lehiak. Lehen zatia bigarrena baino parekatuagoa izan bazen ere, puntu bat harramazkatzeko aukerak izan zituen kanpoko taldeak. “Erasoan errazago egin behar ditugu gauzak eta defentsan ezin dugu arerioei hainbeste jaurtiketa erraz utzi. Landu beharrekoa ezbairik gabe”, zioen Fernandok. Partida osoan hamar berdinketa egon ziren guztira, bien arteko berdintasunaren isla, eta eibartarrak aldentzen hasi zirenean bi puntuak ziur etxean geratuko zirela pentsatzen hasi ginen denok. Baina txuribeltzek ez zuten amore eman eta segundo gutxiren faltan gol batera jartzea lortu zuten. Orduan, armaginen azken erasoan Lander Casadok defendatzailea atzean utzi eta lasaitasunaren gola egin zuen. Norgehiagokako goleatzailerik nagusiena bilakatu zen Lander zazpirekin. “Neurketa hauek aurrera ateratzen ari bagara ere, etorkizunerako egoera aldatzea izan behar dugu helburu, horrela jarraitu ezkero nazioarteko talderik onenetarikoen aurka jokatuko dugu eta hango partidak erakutsitako joko honekin galdu egiten dira”.
Zortzigarren garaipena jarraian Hierros Servando Eibar taldeak larunbatean Urdulizen lortu zuena (26-32). Goitik behera nagusitu ziren eibartarrak, ia partidu osoan aurretik markagailuan, zoragarri eraman zuten aginte-makila. Taldearen momenturik ahulenean bizkaitarrek berdintzea lortu zuten arren, suspertu eta aldea handituz bi puntuak ziurtatu zuten armaginek. Bigarren postuan dira orain 35rekin, Helvetia Anaitasunak atzeratutako neurketa bat irabazi baitzuen eibartarrak aurreratuz. Hala eta guztiz, gipuzkoarren orain arteko lana goraipatzekoa da ezbairik gabe eta geratzen diren bederatzi jardunalditan lidergoa berreskuratzen gogor saiatuko dira gure jokalariak. “Jardunaldiak pasa ahala ikusten ari gara jokalari hauen seriotasun, konpromisoa eta jarrera ezin hobea, eta horrela, goian bukatzeko geneukan helburua hobetu dezakegu igoera fasera sailkatuz”, dio Fernandok. Asteburuko maila erakutsita posible da helmugara heltzea.
Lehen zati nahiko gora beheretsua izan zen, eibartarrak markagailuan aldea zabaldu nahian, kolpe bakoitzean bikainki suspertzen ziren etxekoak. Atsedenaldira diferentzia handiarekin iritsiko zirela ematen zuenean, urduliztarrak berriz esnatu eta norgehiagoka parekatu zuten. “Lehen zati irregularra jokatu genuen, bost goleko aldea ere edukitzea lortu genuen arren, hurbiltzea lortu zuten atsedenaldirako. Hori bai, bigarren zati sendo bati esker berdintasun hori apurtzen joan ginen”. Horrela, lehen 30 minutuetako akatsak zuzendu eta bi taldeetan dagoen maila pistan ikusten hasi zen, hori bai, pixka bat kostatu zitzaien arren, armaginek duten kalitatea agerian jarri zuten bigarren zati amaiera zoragarri bat burutuz. Jokalari guztiak izugarri aritu ziren. Jon Barruetabeña nabarmentzea nahiko nuke 9 gol egin zituen eta, horretaz gain, denboraldi bikaina burutzen ari da. Mikel Zuluetaren errekuperatzea ere bide onetik doa, geroz eta minutu gehiago jolastuz, oso ondo aritu zen larunbatean”. Fernandok esan bezala Jon izan zen lehiako goleatzailerik onena.